Eguneraketa : 26 ekaina 2023

Kalitatezko laborantza defendatu

Euskal Hirigune Elkargoa lanean ari da laborantza lurren zaintzeko eta kalitatezko laborantza laguntzeko.

3 800 etxalde baino gehiago bada, 5 000 laborantza-enplegu eta 3 000 enplegu laborantzako elikagaien industrian. Laborantza, beraz, euskal ekonomiaren habeetako bat da eta bere identitatearen ezaugarri bat. Sektore estrategiko horren sostengatzeko, Euskal Hirigune Elkargoa engaiatu da laborantza lurren zaintzean eta praktika agroekologikoak sustatzen ditu.

Ipar Euskal Herriko laborantza dinamikoa mantentzeko elikatzen gaituzten lurrak zaindu behar dira. Laborantza lur-funtsen gaineko espekulazioaren mugatzeko, Euskal Hirigune Elkargoa hirigintza-dokumentuetan engaiatu da laborantzarako atxikiak diren eremuen zaintzera. SAFER sozietatearekin, salgai diren lurrak lehentasunez erosteko mekanismo sistematikoa finkatu dute lur horiek prezio jakin bat gainditzen dutelarik. Etxalte’Lab programaren bidez, laborari berrien instalazio proiektuak sustatu nahi ditu belaunaldien berritzea laguntzeko eta eskasean diren tokiko sailen birdinamizatzeko, adibidez, fruitu eta barazkiena.

Laborantzako lurren eta etxaldeen zaintzeko erronkarekin batean, trantsizio orokor bat ere eraman behar da ingurumena errespetatzeko praktikak erabiltzeko. Euskal Hirigune Elkargoak lurraldeko baliabide naturalak zaintzen dituen laborantza modeloaren alde egin du. Mugimendu horren aitzindariak diren tokiko eta kalitatezko laborantza sailek (Etxe ekoizleen elkartea, JDB sor-marka duen Kintoko zerria, JDK sor-marka duen Irulegiko arnoak, Buru Beltza elkartea, etab.) elkargoaren finantza-sostengu handia dute haien garapena biziki zehazki garatzeko.  BLE elkartearekin batean, Euskal Hirigune Elkargoak laborantza biologikoan plantatzeko eta konbertitzeko proiektuak ere laguntzen ditu. Biologikoan ekoizten duten etxaldeen kopurua 300etik 400era iragan da azken 3 urteetan, hots, etxaldeen % 10 baino doi bat gehiago.

 

Irudi kreditua: Agerria etxaldea © Euskal Elkargoa - CarolePro

170 000

Ipar Euskal Herriko laborantza lurren hektarea kopurua da, hots, lurraldearen % 60.

Ba ote zenekien?

BLE elkarteak laborantza hazien etxea sortzeko proiektua badu laborariei tokiko barietateak berriz lantzeko parada emateko.