Eguneraketa : 26 ekaina 2023

Gure hondakinen bereizketa eta balorizazioa erraztu

Euskal Hirigune Elkargoa lanean ari da hondakinak errotik murrizteko eta hobeki birziklatzeko.

Zero zaborraren borondatezko estrategiari jarraikiz, Euskal Hirigune Elkargoak eta, harekin batera, Bil ta Garbi Hondakinen Tratamendurako Sindikatuak politika global bat akuilatzen dute. Lehenik, arazoaren muinean eragiten du, gure zikinontzi eta edukiontzien bolumena murrizteko. Ekimen asko laguntzen ditu lurralde osoan, biztanleak beren hondakinak murriztera bultzatzeko: konpostezko ongarriztatzerako laguntza, birziklategiak eta emaitzetarako guneak irekitzea, keinu ekologikoei sentsibilizatzea eta abar. Halaber, berrerabilpenaren kultura sustatzen du gertakarietan, enpresetan edo ikastetxeetan. Hemen aipa daiteke Donibane Garaziko Nafarroako lizeoaren adibidea, bere jantegiko elikadura-hondarrak konpostez ongarriztatzen dituena baratzea elikatzeko.

Aldi berean, Euskal Hirigune Elkargoak bereizketaren praktika bultzatu nahi du, Ipar Euskal Herrian birziklapenaren zinezko ekonomia sortzeko. 2023ko urtarrilaz geroztik, Ipar Euskal Herriko 158 udalerrietako etxe-hondakinak biltzeko sistema sinplifikatu bat plantan ezarri da. Hondakindegiek ere harrera sailak zabaltzen eta ordutegiak egokitzen dituzte. Euskal Hirigune Elkargoak, azkenik, hitzeman du eraikuntza-sektorearekin lan egitea, gaur egun sektore horretako hondakin gehienak ez baititu nehorrek bere gain hartzen. Zikintegi basak murrizteko, Euskal Elkargoak obralekuetatik hurbil dauden biltze tokiak biderkatuko ditu eta eraikuntzako materialak birbalorizatzen lagunduko du.

+ % 46

Hona zenbat emendatu den bildutako paketatze ontzi, kartoi eta estalki birziklagarrien bolumena, bereizketa-sistema sinplifikatu denetik.

Bazenekien?

Bil Ta Garbiko konpostezko ongarriztatzearen maisuek elikadura-hondarrak eta lorategiko hondakinak tratatzen laguntzen ahal zaituztete.