Eguneraketa : 17 azaroa 2023

Biztanleen osasun hobea sustatu

Euskal Hirigune Elkargoak lurralde osoan artaren eskuragarritasun hobea eskaintzeko eta osasunaren aldeko jokamoldeak sustatzeko lan egite du.

Tokiko Osasun Kontratuaren (TOK) 2022ko onarpenarekin, Euskal Hirigune Elkargoak lurraldean osasun ekintzen hedapenerako koadro argia pausatu du.

Lehen-lehenik Ipar Euskal Herriko biztanleei artaren eskuragarritasuna errazteaz mintzo gara. TOKaren diagnostikoak parekotasunik eza agerian utzi du, itsasbazterrean baino mediku gutiago eta artarako baliabide anitzez murritzagoak baitira barnealdean. Joera hori aldatzeko, Euskal Hirigune Elkargoak ekipamendu berrien finantzamenduan parte hartzen du: Atharratzen 2021ean, Maulen 2022an eta Aiziritzen, Donapaleu ondoan, 2023an diziplina anitzeko 3 osasun etxe sortu ziren, 7 milioi inguruko inbertsio publikoarekin. Eskualdeko Osasun Agentziarekin (EOA), Présence Médicale 64 departamenduko baliabidearen bidez, eskasia agertzen duten eremuetan osasunaren profesionalen instalatzean parte hartzen du.

Prebentzioaren atalean, Euskal Hirigune Elkargoak tokiko eragileen ekimenak sustengatzea hautatu du, EOAk erdizka finantzatzen duen 60.000 €-ko urteroko sustengu funtsaren bidez. Nutrizioa, minbiziaren detekzioa, arrisku jokamoldeen eta bortizkerien prebentzioa, nahasmendu endokrinoekin harremanetan egotearen apaltzea… baliabide horrek lurralde bakoitzaren beharretara egokitzen diren ekintzen sorta zabala estaltzen du. 2022-2023ko lehen ediziorako, hamar proiektu inguru sustengatu dira. Donibane Garaziko 250 kolegioko ikasleri eginiko aho-hortzetako eritasunen detekzioa, Errobi-Aturri eremuko 30 ikasgelek segitu duten bioaniztasunarekin eta elikadurarekin loturiko hezkuntza programa edo AdoEniak antolaturiko adingabeen prostituzioari buruzko hitzaldi profesionala aipa genitzake adibidez.

Azkenik, Euskal Hirigune Elkargoak ingurumenaren (airearen, uraren, eremu naturalen kalitatea, kutsagarrien aurkako borroka) zaintzaren eta elkartasun loturen (adinekoak, elbarritasuna, prekarietatea) atxikitzearen alde eginiko indarra azpimarra genezake. Biak dira osasunarendako erabakigarriak.

Ba ote zenekien?

2022ko maiatzean, Euskal Hirigune Elkargoak igerileku plana bozkatu zuen, Ipar Euskal Herriko ikasle guziei 6garrenera iritsi aitzin igeri egiten ikastea eta lurraldean kirol-osasun praktika garatzea ahalbidetzeko.

2.400

Denen osasunerako kirol praktika anitz ahalbidetzen dituzten Ipar Euskal Herriko kirol muntaduren eta guneen kopurua da.