Eguneraketa : 26 ekaina 2023

Energia berriztagarrien garapena zalutu

Euskal Hirigune Elkargoa lanean ari da tokiko energia berriztagarriak garatzeko eta energia ekoitzi eta kontsumitzeko modu berriak probatzeko.

Klima Planaren bidez, Ipar Euskal Herriak asmo handiko helburua finkatu du: 2050erako % 100 berriztagarria den energia kontsumitzea. Hori lortzeko, Euskal Hirigune Elkargoak tokiko baliabideen alde egiten du eta sail berriak garatzen laguntzen du.

Ipar Euskal Herriko energia-nahasketa energia fosilen menpe dago oraindik, % 60-ko heinean (petrolioa eta gasa, bereziki). Gaur egun % 12-koa den energia berriztagarrien zatia emendatzeko, Euskal Hirigune Elkargoak inbertsio gehiago egiten ditu tokiko baliabideetan, eta, bereziki, eguzki-energian (termikoan eta fotovoltaikoan), hori baita gaur egun Ipar Euskal Herriko energia berriztagarrien lehen iturria. Euskal Hirigune Elkargoak beste urrats bat eman nahi du eta lurralde osoan soluzioen hedapena zalutu nahi du, Angeluko kirol-portuan ezarritako zentral fotovoltaiko berriarekin edo Izura-Azmeko paisaiaren interpretazio-zentro berriaren solarizazioarekin egin bezala. Beste sail batzuk ere, hala nola hidroelektrizitatea, geotermia edo talasotermia, laguntza-plan espezifikoen gaia dira.

Baina altxatu beharreko desafioak behartzen gaitu energia ekoitzi eta kontsumitzeko modu berriak asmatzera. Berrikuntza teknologikoa lurraldearen desmartxaren muinean dago. Euskal Hirigune Elkargoa, ahal den leku guztietan, energia garbia sortzeko soluzio berriak probatzen ari da, hala nola olatuen energiari buruzko ikerketa-proiektua (Wavepi) Akitania Berriko Eskualdearen laguntzarekin, saneamendu-sareetatik datorren beroa berreskuratzea edo biogasa ekoiztea, batez ere arazketa-lohien edo hondakinen metanizazioaren bidez. Azkenik, biztanleak eredu-aldaketa horretan inplikatzeko, Euskal Hirigune Elkargoak Eco-watt programan parte hartzen du, eta, aldi berean, I-Ener edo Izpindar bezalako ekimenak sostengatzen ditu, biztanleei tokiko energia berriztagarrian inbertitzeko ahala ematen baitiete.

Bazenekien?

Euskal Hirigune Elkargoak eguzki-kadastra sortu du. Teilatuaren eguzki-potentziala, balizko inbertsio baten kostua eta balizko dirulaguntzen zenbatekoa neurtzeko ahala ematen duen urririkako zerbitzu osoa da.

13.960

Hau da Canopia hondakinen balorizazio-guneak 2020an ekoitzitako orduko megawatt-kopurua. Bidarte bezalako herri bateko kontsumoaren hein berekoa.