Eguneraketa : 26 ekaina 2023

Garraio publikoen eskaintza aniztu

Euskal Hirigune Elkargoa lanean ari da garraio publikoaren eskaintza sinpleagoa eta erakargarriagoa izateko.

Euskal Hirigune Elkargoak, bere Mugikortasunen Sindikatuaren ekintzaren bidez, nahi du eguneroko joan-etorrietarako garraio publikoaren zatia % 4tik % 11ra emendatu.

2022an TXIKTXAK marka bakarra merkaturatu zuelarik, Euskal Hirigune Elkargoak lehen-lehenik nahi izan zuen eskaintza irakurgarriagoa izatea. Gaur egun, harpidetza-txartel bakarra nahikoa da lurraldeko zoko batetik bestera mugitzeko, lehen hamar prezio desberdin bazirelarik. Webgune berriak eta orain sakelako mugikorraren aplikazioak aukera ematen dute nork bere bidaia kalkulatzeko autobus ibilbide guztietan, autobusen iragatea denbora errealean jarraitzeko eta txartelak linean erosteko. Euskal Hirigune Elkargoak ere in situ zerbitzuak hobetzen ditu, banku-txartel edo SMS bidez txartelak erosteko ahala emanez, autobusetan Wi-Fia ezarriz edo geldilekuetan seinaletika numerikoa ezarriz.

Lurralde osoaren beharrak asetzeko, Euskal Elkargoak etengabe berrikuntzak egin nahi ditu, bizi eremu bakoitzari egokitutako mugikortasun-soluzioak eskainiz. Ipar Euskal Herriaren barnealdean, eskaeraren araberako garraio-sistema bat sortu du, zeinak, autobusek egiten ez duten bezala, bidaiariak zuzenean bere etxeetan hartzeko aukera ematen baitu. Kostaldean, zerbitzu libreko 800 bizikleta elektriko merkaturatu ditu, 12 udalerritan 150 bizikleta gune baino gehiago ezarriz. Beste antolaketa batzuk ere egiten ditu garraiobide aldaketa errazteko eta joan-etorriak egiteko garraiobide guztien arteko lotura errazteko, hala nola hirien sarreretan eta tren-geltokietan aparkalekuak antolatzea, bizikleta-aparkaleku seguruak eraikitzea edo bizikletak zaintzeko zerbitzuak plantan ezartzea udan hondartzetan.

11 milioi

Hau da 2022an TXIKTXAK garraio-sarea erabili zuten bidaiarien kopurua. 2022ko lehen hiruhilekoaren eta 2023ko lehen hiruhilekoaren artean, autobusetan ibiltzea % 6 emendatu da kostaldean, eta % 38 Ipar Euskal Herri barnealdean.

Bazenekien?

Gaur egun euskal tren proiektu bat aztertzen ari dira. Ipar Euskal Herri osoan ibiltzeko ahala emanen luke (kostaldea, Aturrialdea, Errobiko ibarra), sarea lotuz Hego Euskal Herriari (Donostiarantz) eta Landesei (Akizerantz).