Eguneraketa : 14 ekaina 2023
Gure itsasbazterra eta ibai-errekak zaindu
Euskal Hirigune Elkargoa lanean ari da arrisku naturalen saihesteko eta gure bizilekuen egokitzeko.
Ipar Euskal Herrian 35 km kostalde bada eta 5 000 km ibai-erreka, beraz, arrisku natural handia bada. Horrek aginte publikoak eta biztanleria egokitzera behartzen ditu.
Biztanleak arrisku naturaletatik babesteko, Euskal Hirigune Elkargoak lurraldeko herriak laguntzen ditu prebentzio estrategiak plantan ezartzen. Adibidez, aipa daitezke Herrietako Zaintza Planak, larrialdi egoeran herrien ihardespena antolatzen duten planak. Euskal Hirigune Elkargoak tresna berriak ere finantzatzen eta elikatzen ditu aro gaiztoa hobeki aurreikusteko. Adibidez, Marea dispositiboa, itsasbazterreko neguko ekaitzen efektuak 5 egun lehenagotik aurreikusteko gai dena, edo MyPredict’ aplikazioa, ur handitzeen jarraipena denbora errealean egiteko aukera ematen duena eta uholde arriskuak jakinarazten dituena.
Baina egokitzea, gure praktikak aldatzea ere da. Uholdeak saihesteko, hirigintza dokumentuek lurren artifizializazioa mugatzen dute segurtasun eremu gehiago sortuz eta gune hezeak babestuz. Jabeei betebeharrak inposatzen dizkie, bereziki haien euri-uren kudeatzeko edo erreken mantentzeko. Lur lehertze arriskuak diren itsasbazterrean, estrategiak finkatzen dira herriekin hitzarturik. Kosta-lerroaren gibelatzeak lurraldea behartuko du berrantolaketa handiak egitera. Aipa daiteke Donibane Lohizuneko iparraldeko kostaldeko adibidea, non 6 M € baino gehiagoko programa handia abiatu baita natura berriz bertan sartzeko.
30 000
Ipar Euskal Herrian uholdeak paira ditzaketen biztanleen kopurua da. Itsasbazterrean, higadurak zuzenean 500 bizileku baino gehiago mehatxatzen ditu hemendik 20 urtera.
Ba ote zenekien?
Erreka bat zure etxetik iragaten baldin bada, legez haren mantenuaren arduraduna zara. 2021ean 80 egoiliarrek ukan dute Euskal Hirigune Elkargoak egin diagnostiko indibiduala.