Eguneraketa : 17 azaroa 2023
Gure mendiak biziarazi
Euskal Hirigune Elkargoak euskal mendia bizirik atxikitzeko lan egiten du, honen paisaiak eta kultura zaintzearekin batera.
Ipar Euskal Herriko 158 herrien gain, 111 mendi eremukoak dira. Lurraldearen ¾ inguru ordezkatzen dute! Funtzio anitz betetzen dituen leku hori , 80.000 biztanle ingururendako bizi eremua da. Mendi dinamiko eta herritarrez beterikoa atxikitzeko, Euskal Hirigune Elkargoak tokiko ekimenak sustatzen ditu. Leader Montagne Basque europar programari esker, Makeako eztitegia, Ezpeletako biologiko janari saltegia, Barkoxeko apezetxearen zaharberritzea edo sasoiko langileendako bizitegi autonomoen instalatzea bezalako 80 proiektu zehatz baino gehiago gauzatu ahal izan dira 2014az geroztik. Orotara 3 milioi € finantzamendu baino gehiago inbertitu dira. 2023-2026rako Mendi politikaren aldeko bozkaren bidez Euskal Hirigune Elkargoak goraki agerturiko xedea da, zeinak emazteen aldeko “PlazAndere” proiektu deialdia bezalako laguntza mota berriak aurreikusten dituen.
Baina inguruneen aniztasun biologikoa atxikitzea helburu duten “Natura 2000” eremuez jadanik erdizka babestua den aberastasun handiko eremu naturala da euskal mendia. Babesteko egiten dituen indar horiek emendatzeko, Euskal Hirigune Elkargoa, Eskualdearekin eta Departamenduarekin batera, Eskualde Parke Natural baten sortze proiektuaren ekarle da. Estatutu berri horrek euskal mendiko ondareari Frantzia mailako aitortza emanen dio eta tokiko ekonomiaren palanka gisa balioko du. Baliatze anitzekoaren kudeaketa, hots, mendian gertatzen diren aktibitate desberdinen elkarbizitza ona (aisialdia, artzaintza, laborantza, agro-basozaintza, etab.), desmartxaren erdian da.
Ba ote zenekien?
Ipar Euskal Herriko 7 herriz eta Hego Euskal Herriko 5 herriz osaturiko “Gure mendia” izeneko lantalde batek mugakide diren mendien kudeaketa eta antolaketa partekatuan lan egiten dute, bereziki Larrunen inguruan. Hartara, 2021eko otsaileko suteen ondotik berriz oihantzeko proiektu bat eman zen adibidez.
2017 metro
Orhi gailurraren goratasuna da, Euskal Herriko tontorrik gorena. Ozeano Atlantikotik abiaturik Pirinioetako lehen “2.000koa” da.