Eguneraketa : 26 ekaina 2023

Gure natura eta arkitektura ondarea zaindu

Euskal Hirigune Elkargoa lanean ari da ondare naturala eta eraikia babesteko bere politika publikoetan gehiago sartuz.

Ipar Euskal Herriko lurralde ttipian, ingurune arras desberdinak badira. Ondare ohargarri horren babesteko, Euskal Hirigune Elkargoa tokika ari da lanean.

Lurraldeko 32 Natura 2000 guneetarik 6 animatzen ditu. Duten bioaniztasun aberatsarengatik Europa mailan identifikatu gune minbera horietan, Euskal Hirigune Elkargoak parte hartzaile guziekin batean (arrantzaleak, laborariak, hazleak) estrategiak finkatzen ditu bertako bizilekuak eta espezieak babesteko. Publikoa sentsibilizatzen du tokiko seinaletika indartuz eta erregularki ezagutza-ateraldiak antolatuz gidari profesionalekin.

Bizidunak eta ondarea behar dira politika publikoetan kontuan hartu ezagutza zientifiko sendoetan bermatuz. Bestalde, 2020az geroztik, Euskal Hirigune Elkargoak, ondare naturalaren inbentarioaren bidez, espezieen joan-etorriak kontrolatzen ditu lurraldean pasabide ekologikoak babesteko haien habitaten artean (hori, azpiegitura berde eta urdina deitzen da). 2021eko udazkenean, Paisaia Plana abiatu zuen, Trantsizio Ekologikoko Ministerioak sostengaturik, eragile guziak inplikatzeko (hautetsiak, herritarrak, enpresak) bioaniztasunaren eta paisaien zaintzan, eta lurraldean abiatu ekintzak ugaritzeko. Arkitektura sailean, Ipar Euskal Herri barnealdeko herriekin batean eta Eskualdeko Kontseiluaren sostenguarekin, mendiko ondarearen ebaluatze programa bat eramaten du haren hobeki defendatzeko eta aitzinera emateko.

3/4

Ipar Euskal Herriaren 3/4a mendigune gisa sailkatua da. Eskualdeko Parke Natural proiektu bat bada gune natural nabarmen horren zaintzeko eta agerian emateko.

Ba ote zenekien?

Bakoitzak parte har dezake Ipar Euskal Herriko ondare naturalaren inbentarioan, adibidez, espezien kontaketan parte hartuz.