Eguneraketa : 17 apirila 2023

Kalitatezko ura bermatu eta gutiago gastatu

Euskal Hirigune Elkargoa lanean ari da lurraldeko ur beharrei ihardesteko eta haren kalitatea bermatzeko.

320 000 biztanle baino gehiago dituen eta presio demografiko azkarra duen lurraldean, uraren erronkak biziki handiak dira. Euskal Hirigune Elkargoak bere inbestimenduen gehiengoa horretan ematen du.

Biztanleriaren edateko ur beharrak bermatzea da lehenbiziko erronka. Alabaina, jakina da Ipar Euskal Herriko zenbait gunetan ur hornikuntza arazoak izanen direla ondoko hamarraldietan. Aldaketa horien aitzinatzeko, Euskal Hirigune Elkargoak 70 M €-ko ekintza plana finkatu du: isurtzeak konpontzeko, sareak elkarri lotzeko, baliabide berriak xerkatzeko, ur tratatuak berrerabiltzeko... 240 ekintza baino gehiago xedetzat hartuak dira, eta horietarik batzuk jadanik abiatuak dira. Adibidez, Errobiko eta Helbarruneko edateko ur lantegien arteko lotura proiektua, itsasbazter guziko ur hornidura bermatuko duena. Trantsizioa zalutzeko, Euskal Hirigune Elkargoak uraren barometroa abian ezarri du : tresna horri esker lurraldeko ur-baliabidea aste guziez neurtuko da eta bakoitzaren eko-jestuak agerian emanen dira.

Uraren kudeatzea, ingurumena zaintzea ere da. Ingurune naturalen kutsadura mugatzeko, Euskal Hirigune Elkargoak dirualde gaitzak inbestitzen ditu. Araztegien modernizatze obrekin batean, hala nola Baionako San Bernateko araztegiarena, funtsezko lana egiten da lurraldeko 7 500 km-ko ur-hodien funtzionamendua hobetzeko. Laborarien aldeko ekintzak ere abian ezarri dira, ErrekAgri programaren bidez eta Natura 2000 guneetan. Duela zenbait urte egiten diren indarrek egiazko eragina dute egun. Adibidez, bainatzeko uren kasuan. 2021ean egin 2 800 analisien gain, % 90ek uraren kalitate maila ona edo biziki ona erakutsi dute. Beraz, bere ekintzak ezagutarazteko eta herritarren bidezko galdeei ihardesteko, Euskal Hirigune Elkargoak bere sentsibilizatze ekintzak azkartzen ditu. 2022an lehenbiziko aldiz iragan diren Uraren Egunetan, adibidez.

Ba ote zenekien?

Ipar Euskal Herrian, partikularrek dituzte ur-baliabidearen 3/4ak kontsumitzen.  Jestu indibidualek egiazko eragina dute ur-eskasiaren saihesteko.

138

Ipar Euskal Herrian ura hartzen den ur-bilketa guneen kopurua da. Ur baliabidearen erdia azal freatikoetatik dator eta beste erdia erreketatik eta iturri naturaletatik.