Eguneraketa : 17 azaroa 2023
Kulturaren eskuragarritasuna faboratu
Euskal Hirigune Elkargoak kultura lurralde osoan eta lehenik publiko gaztearentzat eskuragarri izan dadin lan egiten du.
Kultura, hizkuntza eta soziologia aniztasun handia duen Ipar Euskal Herria bezalako lurralde baten eskubide kulturalen alde lan egitea, orok haren kultura eta besteena eskura izan dezan ahalbidetzea da, jatorri soziala edo bizilekua edozein izanik ere. Euskal Hirigune Elkargoaren kultura politika berriaren xedea da.
Praktika artistikoa gazte gazterik erraztu nahi du lehenik. Ondorioz, Euskal Hirigune Elkargoak sustatzen edo laguntzen dituen irakaskuntza artistikoko ikastetxeetan 4.000 ikasle baino gehiagori harrera egiten zaie. Ipar Euskal Herriko Goi Mailako Arte Eskola (1.150 ikasle) eta Maurice Ravel Kontserbatorioa (1.800 ikasle) bereziki aipa daitezke, baina baita Ipar Euskal Herrian banatuak diren herriarteko 6 musika eskolak ere (1.500 ikasle).
Lurraldea hobe hornitzeko inbertsio handiak ere egin dira. Donibane Lohizuneko Peyuco Duhart Kultura Zentro berriak ateak ireki berri ditu Euskal Hirigune Elkargoaren laguntzarekin, Donibane Garazi eta Hendaian Kontserbatorioaren bi antena sortuko dira eta Biarritzeko Atabal Musika Aretoaren handitze proiektua bidean da. Ikasgeletan ere ekimen anitz abian eman da. Ikusgarri bizia sasoiaren karietara, Euskal Hirigune Elkargoak ikasleendako ehun ikusgarri baino gehiago antolatzen ditu urtero. Lehen mailako eta aisialdi zentroetako 2.000 ikasle inguruk diziplina artistiko bat deskubritu ahal izan dute artista profesionalekin.
Haren ekintzaren bidez, Euskal Hirigune Elkargoak lurraldean obren hedapena ere sustatu nahi du. Gisa horretan, urte guziz hogei ikusgarri inguru eskaintzen ditu (antzerki, dantza, txotxongilo, zirku etab.) Ipar Euskal Herri osoan. 2023-2024ean hamar bat herritan arituko den Ipar Euskal Herriko Orkestra edo Baionan eta Ipar Euskal Herriko herri desberdinetan erresidentzia artistiko proiektuak antolatzen dituen “Point de vue” karrika arte festibala bezalako lurraldeko eragile kulturalek eramaten duten irekidura kultura politikaz mintzo gara.
Azkenik, kultura sustengatzeko, Euskal Hirigune Elkargoak Covid ondotik berrabiatzea faboratzeko plantan eman ziren eta 500 proiektu baino gehiago laguntzea ahalbidetu zuten Berpiztu laguntza funtsak bezalako zuzeneko laguntzak esleitzen dizkie artistei! Haren kultura politika berriarekin 5 sail estrategiko ditu helburu (musika, antzerkia, dantza, zinema eta arte bisualak), sektore dinamiko eta enplegu sortzaile diren horiek Ipar Euskal Herrian eta kanpoan garatu daitezen ahalbidetzeko, hauek ingurumenean duten eragina apaltzearekin batera.
Ba ote zenekien?
Artisten harrera, komunikazioa, garraioa, parke teknikoaren berritzea… Euskal Hirigune Elkargoaren ikusgarri biziaren politikako sektore guziak bahetuak dira, kulturaren karbono aztarna apaltzeko gisan.
95
Euskal Hirigune Elkargoak lurraldeko eskolei eskaintzen dien Hezkuntza Artistiko eta Kultural ibilbideen kopurua da.